Azken datuetara joz gero, Durangaldean zein Euskadin, mende honetan urtez urte izan dogu euskararen herrietatik kanpo jaiotako biztanleriaren laurden bat baino gehixeago, %27 hain zuzen ere. Etorkin kopurua, beraz, ez da nabarmentzekoa. Kopuru horren baitan erabakiorra da ezaugarrien aldaketa, gero eta urrunagotik datozelako, zentzu fisikoan zein kultura eta erlijiosoan. Hor bai, hor daukagu erronka. Mende hasieran Durangaldean zail egoan Europa ez dan leku baten jaiotako pertsonaren bat topatzea, %0,58 ziran… Gaur egun, barriz, %6,21 dira. Datu eta analisi hotzetatik haratago, maila pertsonaletik begiratuta, aniztasun gitxi dakusat lagunarteetan, dala koadrillan, dala ingurukoen seme-alaben parkeko lagunen artean. Eskolan bai, eskolan badagoz. Lantokian ere badaukadaz lankide anitzagoak. Aldiz, horreek ez dira oso-osoan aukeratutako giza-kontestuak, erakundetutako esparruak baitira. Benetazko alkar-bizitza ez da hor jokatzen, gure auzoetan eta gure plazetan baino; esparru formaletatik kanpo. Horregatik, gure plazak jai giroaz betetzen doguzan asteotan -Iurretako eta Durangoko jaietan- egin daigun ahalegintxoa aniztasuna alkarbizitza bihurtzen eta gure Herri(eta)ko adierazpen behinenetan islatzen.