Adinkeria; izena eta izana

Irudikatu egizu, anbotozale, 70 urteko pertsona bat. Pasibotasuna, gaixotasuna, gainbehera, gastua, eskaera, narriadura eta autonomia pertsonalik eza etorri badira zure burura… kontuz!

Datu objetiboek hurrengoa adireazten dabe: adinekoen %85 baino gehiago autonomo dira eguneroko bizitzako jardueretarako; 65 urtetik gorakoen %10,5ek soilik daukate autortuta mendetasun-mailaren bat; gure herrietako boluntarioen %21,8k 65 urte edo gehiago dituzte; eta %43ek jarduera sozial eta/edo politikoetan parte hartzen dabe.

Azken datu honeek kontuan hartuta, argi esan geinke adinekoen -hasieran azaldutako- beste irudi hori ez dala bidezkoa, ez datorrelako errealitate osoagaz bat. Eta ez da bidezkoa, estereotipo edadista horreetatik abiatuta jarduten dogunean bidegabekeria sozialak egin daikeguzalako. Horreek berrikustea premiazkoa eta garrantzitsua da; izan ere, estereotipoek, esparru mental gisa funtzionatzen dabenez, ondorioak sortzen dabez gizarteak adinekoei emoten deutsen tratuan.

1969tik badauka izena, bai, adinagatiko diskriminazioak. Adinkeria lez ezagutzen da… eta Nazio Batuen Erakundeak biharko eguna, ekainaren 15a, erabiltzen dau urtero Adinekoen Aurkako Tratu Txarrez hausnarketa eta jabekuntza eragiteko.

Askatasunaren bidean, adina ezin da aurreiritzi mugatzaile barri bat bihurtu. Horregatik, oztopo mentalak, sozialak eta kulturalak eraitsi behar ditugu, adina ez daiten bizi-egoera izan. Datu kronologiko hutsa baino gehiago bada, adinkeria da eta!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!