Akordiotik ongizatera; 1976tik 2024ra

Bestelako garaiak ziran. Batzarrak egiteko zailtasunak nabarmenak ziran; gai zehatz batzuez hausnartzeko batzarrak antolatzea are zailagoa zan, baita arriskutsua ere. Gaur nire lantokia dan Orueko muino hau, Euba izenez ezagutzen zan inguruetan... eta kongresu baten lehen erdia bertan hezurmamitu zan. 1976ko abuztua zan. Isilpean, 5 eguneko gogoeta-aldia. Ostean, gauzatu zan Eibarren bigarren erdia.

Maiatzaren lehenaren ostetik datoz hausnarketok. Herri bezala, lan-harremanen esparruan daukaguzan gaitasunei eta eskuduntzei buruzko pentsamenduak darabildaz buruan. Izan ere, ez gagoz 1976ko garai hareetan lez, agerikoa da. Askoz hobeto gagoz, bai batzartzeko eskubideei jagokonean, bai lan-harremanei jagokonean, besteak beste. Herri honen aurrera egiteko indarra akordioa da, eta izan da. Bestela, zeri zor jako lege esparru berbera daukien herriek, guk orokortuta daukagun 35 orduko lan astea erdiesteko ekinaldia? Akordioek eraiki dabe errealitate hori, aurrerabidearen aldeko lan-harreman kolektiboetan akordioak gauzatuz.

Niretzat daukat gogoetak iragarri beharrean, egin eta ostean agertu beharko gendukezana han ondorioztatutakoak. Ez da 1976ko haretatik berreskuratu daitekeen bakarra; hango “gizaki eta Herri libre eta arduratsuen aldeko lana”-ren goiburua ere oso baliagarria dogu garaiotan. Ordutik hona bakoitzak bere kautan pentsatu daiala zertan ibili dan, baina arduratsu jokatzeak akordioari bidea zabaldu beharko leuskio, ongizatearen bidean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!