Konplize moreak

Gaur martxoak 8 ditu. 42 urteko seme, bikotekide eta aita naz. Eta nik ikusi dodan aita izateko modua nahiko aldenduta dago nik aita izateko aukeratu dodan eratik. Ez dot inor epaitzen, ni neu ere inperfektua naz eta! Pertsona askeen Herri aske baten sinisten dot, eta horren aldeko lanean jardun dot eta jardungo dot.

Gaurkoan, feminismoaren ekarpenen azpimarra pertsonala egingo dau bakoitzak. Niretzat egun aproposa da, zuetaz harro nagoala esateko. Bestelako aita izateko era euki daben bikotekideekaz hazi gaituzuen ama, amama eta birramamez harro nagoala esateko aukera parebakoa. Izan ere, zuek erein dozue askeago izateko aukera hau, askatasun itxura euken genero pribilegioak eraitsiz, eta bide barria erakutsiz. Nire amari esateko aukera daukat oraindik, ziurrenik ondo adierazteko eta ulertarazteko gai ez nazen arren. Nire bizitza-kideari esan baino, bidea erakusten jarraitzeko eskatzen deutsat. Lankideentzat, lagunentzat eta bidelagunentzat, izan bedi zutabe hau eskertza mezua.

Mikel Markezek musikatutako Uxue Alberdiren “Konplize ditut eta maite ditut denak” ahapetik kantatuz egingo dot egunaren joana. Langileak, alferrak, lanik ez dutenak, tuntunak, mediokreak, klaseko lehenak, ale desegokiak, andre txit gorenak, konplize ditut eta maite ditut denak. Askatasuna maite dogunon konplize moreak zarie danak, feminismotik jorratutako bide barrietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!