Aberria ez da gauza abstraktua; niretzat, maite dodazan pertsonek osotzen dabe aberria. Neurri baten, familiaren antza dauka aberriak… ez da bakarra, ezta onena ere, eta ahuleziak igerten deutsadaz… baina asko maite dot. Hori horrela izanagatik ere, edo hobeto esanda, horregatik hain zuzen ere, besteen aberria ere errespetatu eta adeitasunez tratatzera behartuta sentitzen naz.
Aberri bezala, zoriak garai batzuk bizitzea egokitu deusku. Niri eta zeuri, irakurle estimatu hori, honexek jagokuz. Aberrigintzan, familiagaz bezala, garai bakoitzean errealitateari konpromisoz erantzutea jagoku, eskuzabaltasunez, maitasunaren adierazle nagusi bezala. Ez dago benetako maitasunaren neurri hoberik, egitea eta ekitea baino.
Sarri askotan, konpromiso falta argudio ideologikoetan mozorrotzen da… eta hortxe dago historiaren epaiaren langa. Langa gaindituz, garai historiko bakoitzean aberriak izan dauzan erronkei heldu eta erantzukizunetik tiraka ibili diranak dagoz, beti, arrakasta gehiagogaz edo gitxiagogaz; egindakoaren damurik ez daukienak eta eukiko ez dabenak. Horreexek gura dodaz nik nire bizitzan, familian eta aberrigintzan. Izan ere, aberria eta familia ez dira perfektuak, baina maite doguzanak dira. Horregatik, indar barriz, egiteko eta ekiteko garaia da.