Irulegiko herrixkan, eskuz eta esku baten itzi deuskue gure hizkuntzaren idatzizko lehen aurrekaria. Digitalizazioaren garaian, eskuz idaztea ez da hain ohikoa; mugikorrean, ordenagailuan eta, laster, gure ahotsa testu bihurtzen dauzan gailuek ordezkatu dabe eskua. Baina euskaraz egiten jarraitu geinke, formatu, euskarri eta teknika desbardinekaz, aro digitalera egokituak, zelan ez, baina hari bardinari jarraipena emonez, euskarari.
Hezkuntzan ere, antzera gertatzen jaku. Sorioneku-ak gara ikastolen sare zabala daukagulako euskararen lurralde guztietan. Garai bateko gurasoek, eskutik helduta, alkarregaz sortu ebezan ikastolak. Gaur eguneraino, beste guraso batzuei eskuordetu deutse ikastolen gidaritza, hari bardinari jarraipena emonez. Herrigintzaren haria da hori. Euskal Hezkuntza Sistemak marko juridiko barria behar dau, garai barrietara moldatzeko, baina hari bardinari heldu eta eutsiz. Eskutik eskura, belaunaldiz belaunaldi, eutsi deutsagu euskarari. Eskutik esku, eraiki dogu gure Hezkuntza sistema propioa. Garai barrietarako eraldatuz, eskulanean, izango gara Herri.