Harriez gaindi

Zapatu honetarako eguraldi epela eta aterria iragartzen dabe. Arratsaldez, Gerediagako zelaira joan, eta euskal zineaz gozatzeko aukera paregabea daukagu, aire librean. Ni, bezperatan, han grabatutako filme berezi bategaz natortsue.

Gerediagara joanez gero, jakizue, hantxe bertan, XIV. mendeaz geroztik, Durangaldeko herrietako ordezkariek batzarrak egiten ebezala. Bardin jarduten eben abadiñarren zein berriztarren ordezkariek, Mallabitik zein Mañaritik etorritakoek. Durangaldeko hamabi elizateetako ordezkariek, batzuetan urietakoek ere, borobilean alkarri begira, harrizko jesarleku banatan, alkarbizitza antolatzen eben. Danek eukezan arazo amankomunak, mugaz gaindikoak, alkarren artean konpondu beharrekoak eta alkarregaz konpondu beharrekoak.

Aspaldiko garaiez nabiltsue, bai, baina gaurkotasun handiko gaiez. Hamaika egun baino ez dira joan, Durangaldeko 43.158 biztanlek gure ordezkariak aukeratu genduzanetik. Garai batean elizateetatik etorritako ordezkarien legez, udaletxeetatik atarako dira eskualdeko ordezkariak. Mendeen joanak, herri-mugaz gaindiko ikuspegiaren beharra areagotu egin dau biztanleon ardura nagusien konponbidean.

Alkarri entzutearen, aditzearen eta adostearen sinbolo dira Gerediagako zelaiko hamabi harri horreek. Mendeetan egindako eran, bakoitzak bere harritik, norbere ikuspegitik, amankomunean, Durangaldeko erronkei heldu beharrean gagoz. Alkarlanetik, hurrengo lau urteetako filma grabatzeko prest!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!