Gizartearen ikuspegi honek alkarren beharra daukaguna aitortzea dakar; norberak besteekiko betebehar batzuk daukazana onartzea. Onarpen hori askea izan behar da, bakoitzak egindako aukera. Eta (bete)behar horreek, behar(rizan) batzuk asetzeko bideratzen diranean, zaintza agertzen da. Gizarte orekatu baten, era armoniotsu baten, betebehar eta beharrizan horreek zaintzek bideratzen eta asebetetzen dabez. Elkarren arteko zaintza hartu-emonen mapa eraikiz doa.
Zaintzen antolaketa hori, berezkoa dan azaltzen tematu baino, askatasunez aukeratua dan ziurtatu behar dogu. Horretarako, gizabanako bakoitzari gizarteagaz daukazan betebeharrak zaintza ez diran beste (lan) erlazioen bidez betetzeko aukera eskaini behar deutsaguz. Horrela, gizarte honetan, zaintzak ez dau menpekotasun kutsurik izango, askatasuna daukalako jatorri lez.
Gaurkoan, ziurrenik, zaintza beharra inoiz baino argiago dakusagu. Gizabanako guztion (bete)behar(rizan) bat da zaintza. Eraiki gura dogun euskal-gizartea askatasun solidarioa muinean daukan gizartea da. Loteslea da, bai, askea bezainbat.