Ehun urte bizitzeko aukera izateak bizitza osoa berpentsatzera eroan behar gindukez. Gaztarora arte formatu, heldutasunean ekoiztu eta zahartzaroan atsedena hartzea tokatzen dala errotu izan da gure gizartean. Hiru adin tarte horreek ondo bereiztu izan dira. Baina hori ahalbidetu daben inguruko faktoreak aldatu dira jadanik; 70 urte eskaseko bizi-esperantza, bizitza osorako lantoki bera, edota hiru belaunaldi batzen dituen etxeak ez dira gaur gaurkoz gure gizartearen ezaugarri.
XXI. mendeak ehun urteko bizitza orokortuko dau. Begiratu eizue inguruan: garai baten ezohiko ziranak hasi dira gurean zabaltzen. Hain gazte ez garela, gure trebeziak eguneratzeko eskolara bueltatzea ez da hain gauza arrotza. Tarteka, aita-ama izan edo etxekoak zaintzeko, geldialdi bat egiten dogu. Ehun urteko bizitza baten ohiko ezaugarriak dira egoera honeek.
Gizarte erronka handi asko daukagu, plazaratuak batzuk; pentsioak, migrazioa, kontziliazioa, besteak beste. Eztabaida publikoa ehun urte biziko diran pertsonen zerbitzura egin behar dogu, joko zelai barri baten, bardindutako partidu baten luzapen amaigabean egon barik.