Alkar-bizitza

Historia baten azken zutabea eraitsi da egunotan. Eta Anboto astekariaren azken orrialdeko zutabe honetan, alkar-bizitzari egin gura deutsat omen, zutik iraun izan dauan euskal bizikidetzari.

Hurrengo hileetan nire lagun min batek aitatasuna estreinatuko dau. Pozik dago, ezin ezkutatu. Bizitza barri bat dakarre gurera; gertakizun handia, ez dago zalantzarik. Baina edozein bizitza proiektuk, sortzetik haratago bideragarria izateko, gizarte batean txertatu behar dau. Ume baten bizitza ere, besteen aiduru, alkar-bizitzaren esku geratzen baita jaio bezain laster.

Gurasoen zaintzaz, inguruagaz alkar eraginean, hazi egingo da. Hamarkadaz hamarkada eraiki eta belaunaldiz belaunaldi oinordetzen joandako alkar-bizitzan murgilduko da. Bere ekarpen bereizgarria ere egingo deutsa ondare horri. Eta lehen aldiz urte askotan, bere aita-amengandik soilik jakingo dau garai bateko bizitzaren ezbaiaz. Horrek egiten dau gurasoen poza handiago.

Izan ere, bizitza berezkoa ei da, naturala. Alkar-bizitza, aldiz, kulturala. Horrela behar leukean beti gurean ere. Alkar-bizitza ondare horrek emoten dau gizarte baten benetako aurrerabidearen neurria; dala bizikidetzan egindakoagatik, dala herrigintzan egindakoagatik. Zailtasunak zailtasun, euskal gizarteak jakin izan dau bizikidetza jagoten eta herrigintzan irauten. Garai barri bat dauka aurretik, garenetik eraikitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!