Bakardadea 2.0

Azken asteotan bakardadea dakusat, han eta hemen. Erresuma batuko gobernuak emon deutsan garrantzia izan da gure artean hizpide, baina hurbilago ere aditu dot bakardadeaz. Honen aurrean entzungor gabilzan arren, ozen entzuten nabil bere oihartzuna. Esan barik, urte amaieratik hona asaldatu gaituen hurbileko barriek ere, ikusgaitz, bakardadea islatzen dabe.

Hiper-konexio birtualaren ondorio garratza izan daiteke bakardadea. Izan ere, hango eta hemengo ikerketek bertatik bertara gertatzen diran hartu emonak ordezkatzearen arriskuez ohartarazten dabe. Bataz beste, mundu aurreratuko 15 urteko gazteek 146 minutu emoten dabez sarean konektatua, orain hiru urte baino %40 gehiago. Egunero 41 minutu gutxiago, idatzizkoak edota ahozkoak ez diran gakoekaz eraikitzen diran erlazio emozional sendoak eraikitzeko. Adinekoen artean ere, menpekotasun egoeren atarian egon ohi da bakardadea.

Zientzia eta teknologiaren aurrerabidearen onurak zalantzan jarri barik, bere arriskuez jabetu eta giza harreman sare sendoa, modu konszientean, eraikitzearen garrantzia dakart agerkari honetara. Amaraun sareko hari bakoitza bezain hauskorrak gara bakarka, baina sareak berak segurtasuna eta egonkortasuna ditu ezaugarri, eta tentsio egoera batetik jatorrizko egoerara bueltatzeko berezko gaitasuna dauka.

Beraz, amatatu telefonoa, eta gozatu lagunarteko solasaldiaz!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!