Jardun horren adierazle dira, aspalditik, gizartetik lehenengo, eta herri-erakundeetatik geroago, martxan jarri izan doguzan hainbat tresna eta baliabide. Kate horren kate-begiak dira, gaur eguneraino bizirik iraun daben kofradiak, edota pausoz-pauso eraiki dogun gizarte kohesiorako sarea; gizarte, hezkuntza eta osasun sistemetan hezurmamitua. Batzuek eta besteek, gure zoria edozein dala ere, bizibide duina izan dagigun babesa emon, egoera hori gainditu eta gizarteko kide aktibo bihurtu gaitezan heldulekuak emotea dabe helburu. Izan ere, euskal gizartean ez da ahuldu gure herrikide bakoitzaren patua, gure patua danaren kontzientzia.
Kontzientzia hori, beharrari emon deutsagun esangura sakonean ere isladatzen da. Lanaren bidez bakoitzaren gaitasunak sortze, eraldatze prozesu baten jartzen doguz; horren emoitza, bakoitzak gizarteari egiten deutson ekarpen bihurtuz. Prozesu horretan parte hartzeak, besteekaz –gure gizarteagaz- lotzen gaitu. Horretarako aukerak areagotu behar doguz, giza-gaitasunak eta ekonomia-jarduerak lotuz, lan-aukerak sortuz. Horrela ulertuta, horrek ere, alkartasuna sortzen dau.
Azken finean, Herri lez aurrera egitea, gure zori(on)a partekatzea da.