Atzera begiratu eta gogoeta egitea gustatzen zait batzuetan. “Nondik nator, non nago eta nora noa?” dira noizbehinka neure buruari egiten dizkiodan galderak. Gaur gure eskolari buruz hausnartzea tokatu zait.
San Antonio ikastetxeko irakasleok aldaketa iraultzailea bultzatu genuen 1999. urtean, kooperatiba sortu eta eskolaren etorkizuna gidatzeko ardura hartu genuenean. Izan ere, hezkuntzan ezagutzen genituen kooperatiba guztiak gurasoen kooperatibak ziren, baina guk, ardura gure gain hartuz, balio erantsi bat eman gura genion geureari. Erabaki honek erabat aldatu zuen eskola, etorkizuneko ikastetxea eraikitzeko aurrerapauso erabakiorra eman genuen, hazia jarrita zegoen…
Hurrengo urteetan zehar, lanaren fruitua jasotzen hasi ginen. Kalitatezko zerbitzua eskaintzea izan zen gure helburu nagusia, eta horretan buru-belarri aritu ginen etengabeko hobekuntzak ezarriz. Gestiorako, erantzukizun hau berria zen guretzat, EFQM ereduari jarraitu genion; 2010. ikasturtean, Alex Zabaletaren gidaritzapean, Zilarrezko Qa lortuz. Arlo pedagogikoan, berriz, Alexek lehenengo eta Ana Sagastizabalek geroago, zenbatu ezinezko aldaketak bultzatu zituzten. Hauek, ikasleen hezkuntza integrala bermatzeko, hainbat eremutan eman ziren: Ingurumen Hezkuntzan (EA21), Teknologian (IKT), Metodologian (Ikasketa Kooperatiboa, Proiektuen Bidezko Ikasketa,…), Hizkuntzetan (Hizkuntza Proiektua), Elkarbizitzan (ASIS, Hezkidetza, Pastorala, Bullying taldea, ...), Euskararen erabileran (Normalkuntza), Komunikazioan (Intranet)...
Orain niri dagokit erreleboa hartzea. Erantzukizuna handia da, baina itxaropentsu eta baikor begiztatzen dut etorkizuna, sustraiak sendo finkatuta baititu ikastetxeak. Lan talde bikaina osatzen dugu, hurbilak gara, profesionalak, eskolarekiko konprometituak eta hobetzen jarraitzeko gogoa daukagu. Etorkizunean izango ditugun erronkei aurre egiteko prest gaude.
“Nola aldatzen diren gauzak...” hori da entzutea gustatuko litzaidakeena. Aldatu beharra dugu, mundua etengabe aldatzen baitoa. Aldatzeko prest?
Oier Urigoitia · Zuzendaria