Zaila da hitzekin azaltzea irakasteak zer suposatzen duen niretzat. Iruzurtiaren sindromearekin bizitzera ohitzea ez da erraza. Izan ere, klase bat prestatzen dudan oro, dozenaka gazteren formakuntzaren zati bat (txikia bada ere) nire gain egotea gehiegizko ardura dela sentitzen dut. Era berean, sentsazio horrek berak erabateko apaltasuna mantentzera laguntzen dit, irakasteak ezjakintasunez eta zalantzez bustita dagoen izaki soil bat besterik ez naizela gogorarazten didalako.
Hori onartuta, urteetan zehar metatu ahal izan dudan ezagutza sistematizatu eta transmititzea da nire helburu bakarra, konpromiso hirukoitzarekin: Nire buruarekin, nire ikasleekin eta nire irakasleak izan zirenekin hartutakoa, oinarrizko etikak gidatutako agintea bailitzan. Sistemak inposatutako muga guztiekin ere, mendeetan zehar kristaldutako ezagutza-kate tekniko eta filosofikoa ez etetea da jomuga. Ezagutza publikoa baita, komunitarioa, guztion ondarea. Are gehiago, aurreko zutabe batean esan bezala, ezagutza barik izaera errebeldea kea besterik ez da bilakatzen, norbanako (auto)kritiko eta autonomo bihurtzeko aukerak lehertuz.
Zer da, ba, irakastea ikastea ez bada? “Barkamena eskatzen, isilik egoten, gehiago entzuten (…) iraganetik, orainetik, etorkizunetik ikasten.” Hau ez da behin ere gelditzen.