Hari horretatik tiraka, norbanako mailan, eskubide bat ez ezik, ezagutza prozesua betebehar bat bezala ulertu behar da, saihestu ezin daitekeen bizitzarekiko konpromisoa alegia. Ezagutza barik, izaera kritikoa hitzontzikeria hutsala bilakatzen baita. Hala, ezjakintasuna, ezagutza falta baino, ezagutza era sistematiko batean lortzeari uko egiten dion jarrera litzateke.
Beste aldetik, maila pertsonaletik haratago, ezjakintasuna kontrol eta menpekotasun mekanismo bat bezala kristaltzen da. Kontestu horretan, ezjakintasunaren ekoizpen masiboa, gizartea lokartzeko eta periferian mantentzeko eliteen berariazko dinamika bezala ulertzea premiazkoa da. Adibide modura, ebidentziak ezeztatzeko erpin guztietatik zuzendutako (des)informazio kanpainak edota ezagutzaren offshorizazio mekanismoak (lurrazpian eta isilean mantendu nahi den ezagutza bolumena) nabarmendu daitezke.
Horrela, hiritar moduan dugun aginte arrazionalistari uko egitea, emantzipazio pertsonal eta kolektiboari uko egitea litzateke, eta, azken finean, zergatik ez, bizitza duinari bizkarra ematea.