Zientzia eta egia

Erabiltzailearen aurpegia Ritxi Blanco Aguilera 2021ko urt. 22a, 08:52

Eztabaida zientifikoak akademiako dorre hermetikoetatik lehorrera jaitsi dira hilabete pandemiko hauetan. Bada, birusaren transmisio bideen edota txertoen eraginkortasunaren inguruko datuen bonbardaketa masiboa jaso dugu. Alde horretatik, askorentzat ulergaitzak izan dira zientzialari adituen artean sortutako iritzi aldaketak eta desadostasunak. Ez al zen zientzia izate neutro eta guztiz arrazional bat?

Hasteko, zientziaren historiari erreparatuta, Aristotelesetik Einsteinera, argi ikus daiteke ezagutza behin betikoa ez dela. Izan ere, kritika zorrotzari, ideien konfrontazioari eta ebidentzia enpirikoei esker etengabe aldatuz doa. Horregatik, egungo ikerketaren abangoardia guneetan desadostasuna sortzea, arrotza baino, guztiz logikoa da. Halaxe izan beharko litzateke.

Bestalde, zientzia gizakiaren produktu bat da, gure muga arrazional eta existentzial guztiekin. Gainera, ez dezagun ahaztu jarduera zientifikoa testuinguru soziopolitiko konkretu batean gauzatzen dela, bere kontraesan, interes partikular eta hutsune larrien pean.

Hala ere, honek guztiak ez du esan nahi zientzia gizakiak bere ingurua ulertzeko duen tresna ahaltsuena ez denik. Ezin da erlatibismo absolutua besarkatu. Denak ez du balio. Are gehiago, zalantzak ikerketa zientifikoaren eguneroko praktika inguratzen badu ere, ezbaia guztiz beharrezkoa da fundamentalismoa alde batera uzteko, aurkikuntzak absolutuak ez direla gogorarazteko eta ezagutza zientifikoa kritika eta mugimendu etengabean mantentzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!