Gorputza eta oroimena

Erabiltzailearen aurpegia Ritxi Blanco Aguilera 2020ko aza. 13a, 08:51

Azken asteetan ikusten gabiltza zelan musika areto, gaztetxe eta talde txikientzat egoera arrotzagoa bihurtu den, eta horregatik, oraingoan oroitzapen xume batzuk eskaintzera besterik ez nator. Alba Rico pentsalariak "gorputza" garela ahaztu dugula dio, eta ados nagoen arren, ez diot sinetsi nahi. Ez oraindik. Kontaktu fisikoa gara. Izerdia eta negarra.

2010. Institutuko azterketak amaituta, busean joan ginen Bilboko Kafe Antzokira. Sexty Sexers eta Surfin Kaos taldeak ikusi ostean, maite genuen boltai altuko hard rocka euskaraz ere egin zitekeela ulertu genuen. Etxera bueltatzeko aitak batu behar izan gintuen (beste behin).

2012. Dinero hirukoteak kontzertu sekretu bat eman behar zuen Berrizko Hiltegixen. Ez dakit zelan enteratu ginen, baina han egoteko aukera izan genuen. Bizitakoa ederra izan zen: akufenoak eta nire lehen crowdsurfinga.

2016. Rude Pride taldeak Sapuetxen jotzen zuen gau hartan. Sarrera guztiak agortuta eta gu berandu. Eskerrak bertokoa izateak abantailak dituen. Oraindik gordetzen ditut lau pareta horien artean xurgatutako izerdia, errebeldia eta maitasuna.

2017. Kilometroak. Kotxea eta trena. Viveiro eta Bordele. Rancid eta Against Me! handiak. Agortzen ari zitzaidan nerabezaroarekin zorrak kitatzen.

2020. Azken guda dantza: Lisabö gure jainko ateoak Elorrioko Arriolan. Jesarrita egoteari uko egin eta ia zalego guztia lehenengo ilaran ibili ginen, zutik eta zorrotz. Arrazoia ez du galdu burua galdu duenak.

Animo lurrazpiko poesiaren maitale orori. Bueltatuko gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!