Sudurra estalita bozkatzen daramagu jaio ginenetik, Antonio Orihuela poetak oihukatu zigulako ez ditugula ordezkariak aukeratzen, ordezkoak baizik. Ez dira gauza bera. Horregatik, mundu zaharrera kateatuta dauden piramidearen tontorreko performance antzuetatik gero eta urrunago sentitzen gara. Su artifizial horien guztien atzean dagoena ez ikusteko entrenatu gintuzten urte luzez, baina gure bularrean dugun presioa ezin dugu ukatu jada. Kapitalismoak sortu duen sindemia erraldoi honek hilko gaitu, hiltzen gaitu, garapenaren izenean.
Eta zurrunbilo horren pean, gu, norbanako isolatu eta kontraesankorrak. Arima hustuta, zeharo minduta, ahal dugun ondoen kolpeei eusten: “Higadura ez da sekula agortzen, hezurrak miazkatzeaz nekatzen / Irudi abstraktuan bilakatu zara, eta orain alperrik da apaintzea” diosku gordin Joseba Poncek. Zer egin? Erantzunik ez da, baina dena galdu dugula dirudien arren, ezereza ere bada zerbait. Bidea nonbaitetik hasi behar delako, toki hori hutsune absolutua bada ere. Bizitza iragankorra baita, eta ez du itxaroten.