Historian zehar aurkitutako limiteak gainditzeko grina izan da gizakiaren garapenaren ardatzetako bat: hegazkinak dira orain gure hegoak eta itsasontziak gure hegalak. Limite horien gainditzeak ukaezinak diren hainbat onura ekarri dituen arren, paradoxa erraldoi bat agertu zaigu azken hamarkadetan: limiteak gainditzeko dugun gehiegizko gaitasunak imajinario kolektibotik ezabatu ditu. Beste era batera esanda, mugak existitu ez balira bezala pentsatu eta jardun dugu, horrek dakarren ajearekin.
Limiteekin topatzerakoan, errealitatetik ihes egiteko behar antropologikoa sentitzen dugu. Izan ere, gure berezko ahultasunaren ukapen kronikoa gara. Zelan azaldu bestela, bizitza bermatzeko baliabide mugatuak dituen planeta batean bizi garen arren, baliabide horien mugagabeko ustiaketan eta suntsiketan oinarritutako sistema ekonomiko bat gurtzen dugula? Giza mugarik oinarrizkoenak, gure gorputza eta bere hilkortasuna, ezleku bihurtu genituelako izan da hain arrotza azken hiletan bizitakoa. Marte kolonizatu nahi genuen, baina azkenean, lipidoz eta proteinaz inguratutako ARN molekula batek ezer ez garela gogorarazi digu. Perspektiba eta umiltasun tonak beharko ditugu. “Batere ez dut, ta gutxiago eskatzen”, zioen Lisabök.