Orduan heldu zen Minor Threat hardcore-punk taldearen diskografia oparitu zidaten giga erdiko mp3-ra. Ezin nuen sinetsi: berehalakotasuna, amorrua eta, aldi berean, ispilu filosofiko bat nire belarrietan barrena. Benetako tatuaje bat, tinta bako arrazoi uholdea.
Tankerako taldeak aurkitu nahian, Dischord Records zigilu independentearen parte zirela ezagutu nuen. Izan ere, Ian MacKaye Minor Threat eta Fugaziren abeslari berak 1980an Washingtonen sortutako kolektiboa zen Dischord, diskoetxe arrunt baten muga guztiak lehertzen zituen horietakoa. Desadostasun akordeak ez ezik, bizitza ulertzeko ekosistema bat izateko ondu zen, horren sinple bezain poliedrikoa: autogestioaren muturreko apologia eta praktika, kontraesanen bidezko halabeharrezko ikasketa ziklikoa, forma geometriko horizontalen ezinezko poesia. Iraultza ez delako boterea eskuratzea, boterea suntsitzea baizik. Musika ez da salbuespena.
40 urte beteko ditu aurten Dischordek. Norbanako askoren pentsamendua erabat eta betiko eraldatu duen kaos logiko eta kontrolatua. Utopian urtzen den ezohiko geografia ideologikoa. Zorretan gaude.