Apologiak (I): Metamusika

Erabiltzailearen aurpegia Ritxi Blanco Aguilera 2019ko aza. 29a, 08:40

Begiak itxi, arnasa hartu, aditu. Berriz ere entzun, hausnartu, begiak ireki. Presarik ez da instanteak eternalak badira. Zer da maitasuna? Ez dago erantzun koherenterik gure egitura prefabrikatuetan, soilik grabitaterik gabeko ziurtasun erlatiboa.

Musika ez da ezer isolatuta badago. Bere izatea frekuentzia fisikoetatik haratago kokatzen da, eta hori da maitemintzen gaituena: bere helburua, bere kontzientzia, bere forma, bere tokia mundu abstraktu honetan. Hortaz, metamusika, musikatik jaio eta musikan urtu egiten da erdigunetik periferiarako bidean. Musika erroan dagoela, bere existentziaz haratago sortzen dira mezua, estetika eta izaera. Edukia forma bereganatu, eta osotasun koherente eta orekatua bihurtzen da.

Beste aldetik, kontrako norabidean doan prozesu antagonikoa ere badago; lehenengo mezua, estetika eta izaera diseinatu, eta periferiatik erdigunerako bidean, azkeneko lekuan musika kokatzen duena alegia. Orain, musikaz haratago dagoena eraikitzea da lehentasuna: nola saldu, nola jantzi, nola doktrinatu eta ostean, muntaia-katearen amaieran, helburu horiek betetzeko beharrezkoak diren doinuak ondu egiten dira.  Horrela, gehiegizko kontraesanekin erditzen da musika: benetako mezurik gabe, benetako estetikarik gabe, benetako izaerarik gabe, itxuraz dituen horiek guztiak kanpotik inposatuak izan direlako. Formak musika irentsi eta edukiz hustu egin du.

Argi dago zein eredu den nagusi baina, gutxienez, kontsolamendua badago: benetako (meta)musika ez da inoiz ustelduko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!