Efemeridearen zirrara

Urtebetetzeak beti sortarazi dit sentsazio berezia, barrua zeharo nahasten duen horietakoa. Sentipen horren bidaia-laguna, hala ere, ez da beti berdina izan, eta 27 udazkenen ostean, txikitako poztasun kontrolaezin eta kaotikoak nolabaiteko egoera erreflexibo batera mutatu egin du azkenaldian.

Efemerideak norbanakoaren geruza guztiak jartzen ditu ispiluaren aurrean, arima biluztu eta eraikinaren egonkortasuna abileziaz ahulduz. Atzera bidaiatzea erraza izaten da une horietan, eta horregatik, behar den bezala aprobetxatu ez ditudan momentu guztiak mantra modura berreskuratzen aditua naiz. Inertzia hau, edozein iragan hobea izan zela errepikatzean datza, gizarteak Euskal Rock Erradikala behin eta berriz berpizten duen bezalaxe.

Ostean, biharrarekin hasten naiz solasean, beti ere kalkuladora batekin esku artean. Imajinazioan bakarrik bizi daitekeen etorkizunak, purgatorio etengabe batean bihurtzen du oraina, kontzeptu biak banatzen dituen lerroa kalkulagarria eta nabaria delakoan. Ondoren, eremu (sasi)errebeldea dator: Egunerokoa lehertzeko behar irrazionala, bizitzako azken aukera izango balitz bezala. Ez dezagun ahaztu, ordea, jarrera horren pean etorri direla ajeak, hemerotekak eta aldaketa klimatikoa.

Azkenean, zurrunbilo abstraktu horren amaieran geratzen dena hutsunea baino ez da, eta momentu horretan konturatzen naiz erantzunik gabeko galderak pilatzen zaizkidan arren, gero eta hobeto ulertzen ditudala Iñigok utzi zizkigun hitzak: “Bizitza triste eta ederra”. Beti bidean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!