Ezbaiaren laudorioa

Erabiltzailearen aurpegia Ritxi Blanco Aguilera 2019ko eka. 28a, 08:30

Baliteke ziurtasuna gure espeziearen korapilo existentzial nagusiena izatea. Inguruko prozesu orori zentzuzko erantzun bat emateko beharra konstante bat izan da gure historian, antropologikoa eta berezkoa. Egia absolutu eta neutro baten bilaketa amaigabe horrek gidatu gaitu mendeetan zehar, ezagutzaren dorre erraldoia eraikiz.

Aristotelesen zientzia garaikidearen hazietatik gaur egun arte, naturaren eta unibertsoaren funtzionamendu orokorra azaltzen duen mapa integral bat osatzea izan da jomuga desiratua. Teoria zientifikoen eraikuntza-dekonstrukzio prozesu zikliko horretan, bestalde, faktore komun bat antzeman daiteke: gizakiak errealitatearen kontrola izateko duen beharra. 

Horregatik, ezagutzaren esparru guztiak legez estali ditugu: zientzia puruak ez ezik, soziologia edo humanitateak ere araupetu eta orokortu ditugu, edozein prozesu parametrizatu daitekeelakoan. Gizakiak beti erakutsi nahi izan du orojakilea dela, eta hori posiblea ez denez, erlijioaren zenbait forma edo demostraziorik gabeko teoria sofistikatuak erabili ditu (ez al dira erroan gauza bera?).

Hala ere, trikimailu hauek guztiak ezerezari diogun izua besterik ez dute agerian uzten, gure harrokeriak ezin baitu onartu sarritan erantzunik ez duela. Baina gizakia inperfektua da, eta inperfekzio horretan nabigatzen ikasi behar du. Ezagutza eta bizitza ez dira linealak, bidegurutzeak eta espiralak dituzte errepidean. Umiltasuna ezbaia onartzea baino ez da: ez gara ahalguztidunak, eta oinez egiteko ez dugu horren beharrik ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!