Kimerak

Presaka idatzi ditut lerro hauek harira ez datozen zenbait kontuengatik eta, orain, filosofiaz hartzea erabaki dudan arren, presiopean distantzia hartzea kimera bat da niretzat.

Izan ere, beti larrituta nabilela konturatu naiz. Bidaia arrotz hau erlojuaren kontrako lasterketa basati bat bilakatzen da gehienetan, aisialdia ere betebehar hutsala bihurtzeko gaitasuna duena. B.C. Han filosofoak dioenez, gaur egun ezagueraz autoesplotatu egiten gara pertsona moduan garatzen ari garela pentsatzen dugun bitartean. Bizirauteko, gure denboraz desjabetzera behartuta gaude, beti ere alferrikako kontsumo aktibitateetan xahutzeko.

Hile hauetan, gainera, gure garunak pairatzen duen hiperestimulazioak bidelagun definitiboa aurkitu du: hauteskundeen zirku mediatikoa. Talent eta reality show-en arteko hibrido honek gero eta antz handiagoa du supermerkatu batekin. Erdigunea instituzioan eta bere ustezko handitasunean kokatzen da, herritarra periferiara bultzatuz. Gutxiengo batek bere produktu berria eskaini, eta gehiengoak lau urterako lokartze prozesua zelakoa izango den erabaki behar izaten dugu.

Horregatik, lerro xume hauek nire herrian formula instituzionala hartzen ez duen mugimendu poliedrikoari eskerrak emateko erabili nahi ditut: Durangok Planto barruko plataformei, Sorginola Gaztetxeari, Geu Be elkarteari eta espazioagatik kabitzen ez diren beste guztiei, mila esker. Bozkatzea ezinbestekoa da, baina are gehiago instituzioarekin tentsio eta kritika etengabean mantentzea. Gora herria!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!