Intentsitatea

Erabiltzailearen aurpegia Ritxi Blanco Aguilera 2019ko mar. 11a, 09:05

Niri kontzertu intentsoak gustatzen zaizkit. Arima rockeroa izan arren, ez naiz dezibelioekin lotzen ohi dugun azaleko definizioarekin idenfikatzen; benetako intentsitatea beste gauza bat da nire buruan, guztiz abstraktoa eta lausoa akaso. Intentsitatea ezin da deterministikoki neurtu: ez da bolumena, sentimendua da, nortasuna.

Izan ere, izaera eta kontrolperik gabeko energiak ezereztu egiten du maiz musika, proposamen artistikoak txikituz, gehiegizko airea duen puxika bat lehertzen den bezala. Barealdiak zein ekaitzak, edozeinek eman diezaioke zentzua gure bihotzari: zenbat isilunek asetzen gaituzte edukirik gabeko garrasi panfletarioek baino gehiago? “Oihukatzeak ala entzuteak, zerk egiten gaitu libre?” abestu zuten behin Bidasoa aldean.

Bizia, osasuntsua eta iraultzailea den aldi berean, intentsitateak ez du inor edo ezer zapaltzen. Burujabea den heinean, entzulegoaren sentimenekin elkartrukean bizi da, eta ez lehian. Zentzu horretan ederki definitu zuen Juan Ramón Jímenez olerkariak: “Intentsoa den hori ez da gora edo behera hedatzen, ez eskuinera, ez ezkerrera, (…) bere baitan existitzen da eta ez da inoiz hiltzen: mugagabea da barne limite propioaren barruan”. Pairatzen dugun eredu inpertsonal eta homogeneoaren aurkako elementu (kontra)kultural gisa ulertu behar da, musikaz haratago doan inertzia alegia. Ez da espantsioa edo hedapen mugagabea: oreka utopikoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!