Epelaburtasun ilustratua

Erabiltzailearen aurpegia Ritxi Blanco Aguilera 2018ko urr. 19a, 08:35

Institutuko filosofia klaseetan ikasi nuen kritikoak izan behar dugula jasotzen ditugun aholku guztiekin, imajinarioan barneratuta baditugu batez ere. Nahi gabe, diskurtso hegemonikoaren parte izatera pasatzen gara, marketinak sortutako leloak erreboluzio faltsu baten izenean mantra modura errepikatuz.

Estrategia horretan, oraina erretzeko mezuak ez dira falta inguruan: biharra existituko ez balitz bezala bizitzeko, gure buruari limiterik ez jartzeko… denak Live fast, die young kulturaren baitan; alderdi politikoek hurrengo hauteskundeez haratago pentsatzeko duten ohitura ezaren parean.

Ez dugu hausnartu, ordea (hori baita azkar bizitzearen ordaina), filosofia hura dela zibilizazio gisa amildegira gidatzen gaituena, planeta infinitu eta lau batean bizi garelakoan. Lurraren emankortasuna eta energia erreserbak agortu ditugu hazkunde ekonomiko mugagabea ohoratuz. Sinpletasuna eta kooperazioa, aldiz, giza garapen duin baterako alternatibetatik aspaldi baztertu genituen.

Zoritxarrez gure gozamenerako, edo ohitu gaituzten gozamen iragankorrerako behintzat, biharra existitzen da eta arduraz eraiki beharra dago gure akatsak ondorengo belaunaldiek pairatu ez ditzaten: 30 urte barru, Durangon, bertako airea oraindik arnastea baldin badago, dorreak eta parkinak bota behar izango ditugu, herri-ortuak, berdeguneak eta ekonomia lokala sustatzeko, zementua, dirua bezala, ezin baita jan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!