37 ibilaldik erakutsitakotik eraikitzen ari da 38.a

Erabiltzailearen aurpegia Peru Arrasate Iriarte 2015ko aza. 13a, 09:25


1992an hegazkinez zeharkatu zuten Kurutziaga ikastola, 2005. urtean bostekoak eskatu zituzten. Aurtengo Ibilaldiak “ezberdina” izan nahi omen du, eta horretarako egun batean finkatuta zegoen festa urte osora zabaldu nahi dute.


Ondo egindakoak utzi eta okerretatik ikasi. 2016. urteko Ibilaldia Durangora itzuliko da maiatzean “Dagigun” lelopean. Ibilaldiak azken urteetan estruktura finkoegia zuela ikusita, aldatzeko ordua dela pentsatu dute. Erronka botata, beraien leloarekin bat egin dute: “egin dezagun”, Dagigun!

Kultura eta kirol jarduerak sortzeko ez dago bi adar horietako elkarte eta eragileak elkartzea baino hoberik. Bi adar hauek dira gehienbat Ibilaldiko agenda beteko dutenak. Aurreko Ibilaldiaren leloetako bat hartuta, “herritik sortu, herriari emoteko”, Ibilaldia kirol elkarte eta kultur eragile horiekin kontaktuan jarri da euskararekin bat eginda jarduerak uztartzeko.

Azaroaren 4an Durangoko Plateruena antzokian egin zen bileran, Ibilaldia antolatzen ari diren lan talde ezberdinak eta herriko 28 elkarte eta talde eragiletako ordezkariak batu ziren. Loturak sortzea helburu, Ibilaldiak eskua luzatu zien jarduera ezberdinak elkarrekin antolatzeko. Zer eskaini diezazuke zuri Ibilaldiak? Zer eskaini diezaiokezu zuk Ibilaldiari? Galdera horiei erantzuna emateaz gain, talde eragile ezberdinen artean loturak sortu eta sendotzeko ere balio izan zuen bilkurak. Talde gehienak laguntzeko gogotsu azaldu ziren.

Informaltasunetik ere loturak
Bilera amaitzeko mokadutxo bat hartzeko parada izan zuten parte hartzaile guztiek, bide batez, ardo kopek lagundutako urdaiazpiko eta foie pintxo artean, lasaiago hitz egin eta lehen loturak sortzeko, lehen jarduerak irudikatzen.

Erronka handia hartu du bere gain Durangoko Ibilaldi berri honek, bigarren aldiz Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek batera egingo duten Ibilaldiak. Erronka handia izateak egingo du Ibilaldia ezberdin. Erronka handia izateak eskatzen du herrian loturak sortu eta denok batera lan egitea. Batera lan eginez gero denek lortuko baitute onuraren bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!