Kilometro zenbatzailea geratu artean
Helburu bat buruan aurrera eginez, alboetara begiratu gabe, bide hori moztu nahi dutenak alde batera utziz, ekidituz. Bizitzak ezartzen dizkizun proba guztiak zure gain hartuz, bide hori, ahal bada, indar gehiagorekin egiteko. Alboetara begiratu ez izanak ez du esan nahi albokoak ahaztu behar direnik, ez baitago lagun baten beroak bezala bidea erraztuko dizunik. Askotan irudikatzea zaila ematen duen arren, badira munduan txoko ugari non haurrek ez duten ametsik. Ametsa urrutiegi geratzen da, beste unibertso batean, ezinezkotasunaren galaxian. Zerbait nahi badut, horretarako lan egingo dut, egunak eta gauak igaroko ditut horren atzetik baina nahi dudan hori ez da amets bat, nahi dudan hori behar bat da. Kolpe gutxiagorekin bilakatuko zen zoro baten bat, baina bada gogortasunetik ikasten duenik, txarrenetik ona ateratzen duenik. Bizitzaren beltzena ikusi arren, lagunak ondoan hiltzen ikusi arren, jarraitzeko gogoa duenik, helmuga ikusten duenik. Harri uzkur batean bilakatu baino lehen lore bilakatu denik. Bizitako gogortasunaz barre eta negar egiten ikasi duenik.
Ghanako edozein herritan, eta ez dakigu zehazki noiz 14 urteko mutiko bat ari da “zuriak” bezala ezagutzen dituen horien zaborren artean arakatzen. Ez du ikasi nahi, edo ziurrenik ikasteko aukera gabeziak eraman du erabaki horretara. Denon eskubidetzat jotzen dugun hori, hezkuntza, mugatua du Iddriss gazteak, familiaren diru-sarreren araberakoa da hori eta bere kasuan ez dute gastu horri aurre egiteko adina diru. Hala ere, bere gain hartzen du ez ikasteko errua eta ez du nahi bere anai-arrebek berak hartutako erabakia eredutzat hartzea.
Nabaritu da hasi baino lehen urduri zetorrela. Hizketan hasi eta bi minutura, ama hitza birritan trabatu eta ezin izan dio negarrari eutsi. Eroritako malkoetan ikusi diot berak bizi izan duen bidaiaren sufrimendua. Lasaitzeko eskatu diot, nahi badu denboran aurrera egiteko. Poltsikotik zapi bat atera eta malkoak lehortu ditu. Arnasa sakon hartu ondoren jarraitzeko indartu da.
Zaborretan arakatzen duen bitartean, bertan aurkitutako janari itxurako zerbait darama ahora. Ez daki zenbat ordu daramatzan zabor artean ezer jan gabe. Eguzkiak goian jotzen du, baina berak argi dauka Ghanatik irten nahi duela, beste etorkizun bat nahi duela. Badaki bere bidea zabortegi horretan hasi dela baina ez daki non bukatuko den. Itxurazko balioa duten gauzak jasoz badoa dirua biltzen. Herritik irteteko gogo horrek ez du urduritzen, gauzak tentuz egin nahi ditu eta irabazitako lehen xoxak ez ditu alde egiteko erabili nahi. Begiz jota du bizikleta bat, ikasketak ez baina enpresari sena bai! Badaki irabazitako diruaz bizikleta erosiz gero lana azkarrago egiteko aukera izango duela eta honela etekinek gora egingo dutela.
Europako edozein umek bere hamalaugarren urtegunean bizikleta bat eskatu du bere urte betetzean. Disdiratsua da benetan, amortiguadore eta kanbio duna, merkatuko berriena.
Egunak joan egunak etorri, zaborretan arakatu ondoren Iddriss-ek ere lortu du berea, baina apurtuta dago… Buelta zaborretara, bertan aurkitutako piezekin eta erositako beste batzuekin osatzea lortu du bizikleta.
Afrikako gazteek ez dute beraien herria nahi dutelako uzten, beraien nahiak alde batera utzita, bada zerbait kanpora bultzatzen dituena. Gorantza doan pobrezia? Lehen munduko herrialdeek beraienganako duten tirania? Familia egoera horretatik ateratzeko nahia? Estatuen errepresioa? Milaka dira Afrika atzean utzi eta Europan bizitza berri bat bilatu nahi dutenak. Entzun dute hemen denak dirudunak direla, markako zapatila eta erropez jantziak, europar batek irabazten duenarekin herri oso bat bizi daiteke Afrikan. Nola ez dira etorriko ba etorkizun bila? Koloretako etorkizun hori alde batera utzita, ez dago Europara sufrimendu gabe iritsi denik. Bidea sakrifizioz eta sufrimenduz beterikoa da, bakardadea lagun, maite dituzun pertsonak atzean utzita, ezagutzen ez duzun bide bat jarraituz. Hamaika helmuga dituen bide bat, zurea zein den jakin gabe, heltzerakoan aurreikusitako guztiak deusezteko.
Abiada bizian bizikletaz alde batetik bestera, produkzioa nabarmen igo da azken aste hauetan. Piezak bilatu, bizikletan kargatu eta zuzenean salmenta lekura. Buelta bat, bi, mila... Lortutako diru horrek pasaportea egiteko balio izan dio. Dena prest dago, Iddrissek eta beste bi lagunek beraien etxeak, familia eta lagunak atzean utzi eta horrenbestetan aipatutako bideari ekiteko.
Airea, lurra, ura.. ez dago zeharkatu gabe geratu den elementurik…
LURRA: Bidaia martxan da; oinez, bizikletaz, autoz, zein furgonetaz. Goazen lekura joanda bisa gabe laster kanporatzen gaituzte, 4 pausu aurrera eta 8 atzera. Herritik hiru irten ginen arren, asko ugaritu da taldea. Nigeria, Togo, Burkina eta beste hainbat estatutako jendea goaz taldean. Libia dugu begiz jota, Tripoli. Asko dira egindako saiakerak baina denak berdin bukatu dira, kanporatu egin gaituzte. Bihotzak hemen geratzeko esaten dit, Europara iristeko tarteko helmuga egokia dela. Berriro saiatuko naiz.
Eraikuntzan lana lortuta, geratzea lortu du Iddrisek. Lagunek ere bai. Tripoli izango da bizileku berria, eginda dauden etxeetan igeltsero lanak egingo dituzte. Bertan sukaldatu eta lo egingo dute hurrengo bost urtetan. Obra bat amaitzen denean bestera, eta hurrengora ondoren.
Badaude hemendik Ghanara mezularitza lanean dabiltzan pertsonak, etxetik irten nintzenetik lehenengo aldiz jarri naiz nire familiarekin kontaktuan. Ez nahiz oraindik Europara iritsi, bidea luzea izango da, baina behintzat badakite bizirik nagoela.
Gerora Iddriss lanaren atzetik joango zen, Egipton ere igeltsero lanak lortu zituen, Turkiara ere iritsi zen. Baina bisa-arazoak gora eta behera, leku guztietatik kanporatzen zuten, beti leku berberera zeraman labirintu batean bezela. Orain behintzat oinarrizko kanpalekutzat Libia zeukan. Bidearen zati bat egina zeukan, Europara bidean.
Edozein lani muzin egin gabe, diru nahikoa lortuta, Maroko zen hurrengo geralekua. Espainiara sartzeko bide zuzen eta ezagunena. Bertako mendietan ezkutuan bere txanda noiz iritsiko zain, urte asko pasa dira bidearen lehen pausuak egin zituenetik. Oraindik lagunekin jarraitzen du, hirurak batera, batasun horrek egiten ditu indartsu.
URA: Mendian gaude, basoan ezkutaturik, hemen ez da giro. Bizitza jokoan jartzera doanaren urduritasuna nabari da Marokoko tontor honetan. Atzean geratu dira familiarekin harremanak. Lortutako dirua dugun artean saiatuko gara Espainiara sartzen edo batek daki etorkizuna guzti hori baino beltzagoa izango den. Badakizu tontorretik noiz zoazen baina ez dakizu bueltatuko zaren, eta txarrena, zuri zer edo zer gertatuz gero, ez da inor egongo zure familiari gertatutakoaren berri emateko.
Hurrengo asteak gogorrak izan ziren, basoan ezkutatuta zegoen taldetxoa sarritan saiatu zen patera bidez europar lurra zapaltzen. Denboraleak eraginda edo espainiar poliziak geldituta, buelta eman behar izaten zuten askotan, bazeuden bidean geratzen zirenak, askok ez baitzekiten igerian. Baina ez ziren errendituko. “bizitza gogorra da baina zer egingo duzu? Aurre egin behar zaio, aurre egin behar zaio!”. Asteak aurrera, saiakeren zenbaketa galduta, azkenik Kanarietako ez dakite zein irletara heldu dira. Ez dute dirurik, pateran bidaia egiteko saiakeretan xahutu dute dena. Poliziak atxilotu ditu, bertako zentru batera daramatzate. Hamar urte pasa ondoren amaren ahotsa entzuteko aukera izan du harrera zentrutik. Marokoko basoan inkomunikaturik egon ondoren, amak badaki behintzat bizirik dagoela. Afrikatik irten gabe, Europa zapaldu duela.
AIREA: Bi hilabete eman dituzte Kanarietan emigranteentzako zentru batean, poliziak paperak bete dizkie. Hegazkin batean sartu eta Madrilera bidean jarri dituzte. Ghanatik 14 urterekin irten zen gaztea Espainiako hiriburura bidean doa, 700 kilometroko orduko abiadan. Nork esango lioke hegazkinez sartuko zela Europara eta gainera biletea ordaindu gabe? Badirudi behingoz bidea xamurtu dela. Gutxi iraun du bidaiak eta hegazkinaren erosotasunak. Aireportuan poliziek eskoltatuta ate bat seinalatu diete. Ez dute ezer ulertzen, ez dute dirurik, ez lo egiteko tokirik, ezta kontakturik ere. Poliziei beldur eta harriduraz begiratzen diete eta hauek “Kanpora! Kanpora!” garrasika erantzun. Atea zeharkatu dute.
Urrutiko intxaurrak hamalau, bertara joan eta lau..
Ez dakigu gazteleraz, komunikazioa ia ezinezkoa da, ez dugu hiri hau ezagutzen, ez dakigu gauzak non dauden. Gurutze Gorriko laguntzaileengana heltzea lortu dugu. Beti egongo da zu ulertzeko ahaleginak egingo dituenik, laguntzeko prest dagoen norbait. Ezin dute guregatik asko egin, janaria, manta batzuk… Madrilgo gauak oso gogorrak dira, hau ez da Ghanan irudikatutako Europa, bertan ez nuen kalerik etxetzat hartu nahi. Amarekin hitz egiteko aukera izan dut, Europarekiko begiak garbitu nahi izan dizkiet. "Hau ez da uste bezalakoa, ez dut Ghanako tabernetan etzundako paradisu hori aurkitzen. Ez dut lan egiteko ez asti, ezta modurik. Kalean lo egiten dut, nire bete behar bakarra orain, gauerako aterpea bilatzea da.” Ez dute ulertzen nola izan daitekeen Europan egon eta kalean bizitzea, gezurretan aritzea egotzi didate, neurekoi bat naizela. Triste eskegi dut telefonoa.
Egunak joan egunak etorri errazago dabil handik hona, ez du paperik eta izanda ere ezer gutxi lortuko luke, ez baitago lanik. Denbora du soberan, buruari bueltak emateko denbora, ez zaio komeni, ez dio onik egiten. Badu lagun senegaldar bat; honen neskalagunaren dendan biltzen dira sarri. Honek badaki bere egoeraren berri, Madrildik alde egiteko esan dio, ez dagoela inongo etorkizunik; hegoalderago, 444 kilometrotara, Cartagena deituriko herri bat dagoela esan dio. Bertan landa-soroetan lan egiteko aukera izango duela, berak ordainduko diola autobuserako txartela. Bihotzean itsatsirik geratu zaio txarten haren balioa: 22 euro.
Autobuseko leihotik begira, ulertzen ez dudan hizkuntza baten zurrumurruak entzuten ditut inguruan. Ez narama Cartagenara, Murcian geratuko da autobus hau. Gaueko hamabiak dira, errepikatzen den istorio bat bezela eseri naiz geltokiko eserleku batean, ez dut dirurik, ez dut non lo eginik.
Gaua bertan pasa ondoren, Cartagenara iritsi araziko duen autobusa hartzeko bidearen bila ari da. Geltokiko jendetzaren artean bi neska magrebiar ikusi ditu eta beraiengana hurbildu da. Ulertarazi die Cartagenara iritsi nahi duela, bi neskek autobusera lagundu diote. “No money, no money” erraz ulertu diote dirurik ez zuela. Bi neskek Iddrisi autobuserako tiketa ordaintzeko dirua batu dute, eskuaren hatzaz igotzeko esan ondoren beraiek ordaindu diote txartela
Lur-soro oparoak
Cartagenan ere ez du kontakturik, milaka kilometro egin ondoren oinez jarraitzen du, bide zidorretan etorkizun hobe baten bidea bilatu nahian. Ghanako pertsona bat ezagutzea lortu du, behingoz Espainiara heldu denetik ulertzen duen pertsona bat. Etxea erraztu dio eta landa-soroetara ere eraman du lan bila.
Ez dut kontraturik baina lana badago behintzat, luzeak dira lan-orduak, eguzkia irteten denetik berau sartu arte. Ez zait inporta, lanean ari naiz, alokairua ordaintzeko dirua dut eta hasi naiz zertxobait aurrezten.
Zapaterok inmigrateak erregulatzeko plana martxan jarri zuenean kontratudunak paperak lortzeko inoz baino hurbilago zeuden. Bazeukaten bertako kontaktu bat, denbora baterako kontratuak egiten zituena. Erregulazio plana bukatzen zen azken unean lortu zituen paperak Iddrisek. Europarra zen jada.
Cartagenak ematen zion oreka baino zerbait gehiago nahi zuen Iddrissek. Euskal Herria begiz jota zuen dagoeneko. Esana zioten beraiekin bizitzen egona zen Billy Bilbora joana zela. Ez zuen bi aldiz pentsatu, bere gauzak bildu eta aurreztuta zuen diruarekin Bilborako bidea hasi zuen.
Azkenik paradisua
Bihotzak diosta hau dela azken bidaia, hau izango dela egon nahi dudan tokia. Urteak aurrera doaz eta nire bidaiaren kilometro kontatzailea ez da gelditu oraindik. Autobusean bilbotar batekin hizketan ziztuan pasa zait bidea, nigatik arduratu da. Bada munduan pertsona onik oraindik.
Domino fitxak bata bestearen atzetik erortzen diren bezala Iddrissen zorteak ez zuen gelditzeko asmorik oraingoan. Bilbora heldu eta autobusetik jeistean Abdul begiztatu du, ezinezkoa da! Abdul Cartagenan konpartitzen zuten etxean bizi izan zen denboraldi batean. Elkarri begiratu diote, besarkada bero batean bildu dira, ezin dute sinetsi. Abdul Durangon bizi da, 30 kilometrora dagoen herri batean. Badoaz biak.
Abdulek San Inazio auzunean utzi nau, afrikarrez beterik dagoen denda batean, bertan sartu eta maleta alboan dudala eseri naiz. Dirua badut baina ez dut aterpea eskatzeko ausardiarik, jendea badoa etxerantz. Dendako ugazaba eta biok geratu gara bakarrik. Istera doala esan dit, ez dut nire egoera azaltzeko ausardiarik izan.
Gau hura kalean pasa zuen arren, Iddrissek argi zeukan bere lekua hura zela. Urteak atzera eginda, Libian sentitzen zuen bihozkada bera zeukan. Gogotsu aurre egin zion egoerari, denda hartako ugazaba “Prince” zen orain beretzat. Aterpea eman zion, etxe bat eta lana bilatu artean. Bere bidea amaitua zen, helmugara iritsia zen jada.
Hustuta geratu da, ez ditu kontu hauek askotan kontatzen. Barrenak askatzeko ariketa polita izan da. Pozik doa, ez nuen uste horrenbeste sufritutako pertsonek barre egin zezaketenik. Ez du, ez, maitatzeko indarrik galdu, horregatik lortu du bere helmugara iristea. Bi lema ditu berak, “gutxinaka, gutxinaka” eta “sufritzen jakin behar da.” Lastima, egindako esfortzuaren ondoren, berak bilatutako etorkizuna izan dela uste beharrean, zorte kontua izan dela pentsatzea. Dena delakoa izanda, gelditu da kilometro zenbatzailea.