Kultura elementu eraldatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Paule Sanchez Arieta-Araunabeña (EAJ) 2026ko apirilaren 30a

Durangok euskal kulturaren mapan izen propioa dauka eta gure erronka haratago joatea da: Durango kulturak benetako babesa, bultzada eta proiekzioa aurkitzen dituen herria izaten jarraitzea nahi dugu.

Durangoko EAJtik udal instalazioen erabilera estrategikoarekin, diziplina artistiko bakoitzari garapenerako espazio propioa eman nahi diogu; eskaintza kulturalak dibertsifikatzen jarraitu eta antzerkia, zinema, musika, pintura, eskultura, dantza, argazkilaritza eta komikiak agendatu. Baina betiere interkonexioa ardatz izanik eta diziplinen arteko loturak sustatuz, proiektu hibridoak, lankidetzak eta adierazpen artistiko berrien sorkuntza ahalbidetu.

Durangok dagoeneko erakutsi du punta-puntako programazio kultural, anitza eta erakargarria sortzeko duen gaitasuna; gurean, kultura urte osoko kontua da.

Durangoko jeltzaleok egitarau orekatua eskaintzen jarraitzeko lanketekin segitzen dugu, denontzat eskuragarri eta irisgarria den agenda lantzen, inpaktu handiko proposamenek eta ekoizpen eta egitasmo txikiagoek ere lekua dutela bermatzen.

Kultura ez da pribilegio bat, elementu eraldatzailea da; hezkuntza da, balioen transmisioa da, gizarte-kohesioa da; kasu askotan, bigarren aukera bat da; herrigintza da eta Durangoko EAJ-PNV honetan ere bada.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!