Obrak mintzo dira

Erabiltzailearen aurpegia Paule Sanchez Arieta-Araunabeña (EAJ) 2026ko urtarrilaren 30a

2026. urteak mugarri bat markatuko du Durangoko Arte eta Historia Museoaren historian. Izan ere, Etxezarreta Jauregia 1986ko ekainaren 13an ireki zen.

Leopoldo Zugazaren proposamenez eta Patxi Zurikarai eta Juan José Ziarrusta tokiko buruzagien laguntzarekin, garai hartan alkatea eta kultura zinegotziak zirenak, biak EAJko kideak, Durangoko Udalak eraikina eskuratu eta museo gisa erabiltzeko berritu zuen.

Museoak lau hamarkada hauetan gizartearekin batera eboluzionatu du, eta kalitatezko programa egonkorra eskaini eta bere eginkizuna galerietatik haratago zabalduz dihardu gaur egunean ere. Hezkuntzarekin eta dibulgazioarekin konprometituta dago. Doako tailerrek, ikastaro anitzek, hitzaldiek eta bisita gidatuek,… kultura irisgarria izatea ahalbidetzen dute. Durangoko Arte eta Historia Museoa sektorean erreferente bihurtu da eta hori ez da magia kontua, ezta kasualitatearen emaitza ere. Museoa sektoreko figura nabarmen bihurtzea arduradun teknikoen lan sutsu eta bokazionalaren eta kultura zerbitzu publiko gisa hartutako etengabeko konpromiso politikoaren emaitza argia da. Badira Durangon EAJkoon kudeaketako 40 urteotan ezer egin ez den mantra behin eta berriz errepikatzen dutenak, baina egitateek lelo hori gezurtatzen dute.

Museoan ere, obrak mintzo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!