Udalak proposatutako lanketan, pertsona desberdinek egindako ekarpenekin, sentimendu, bizipen eta begirada asko jaso dira eta sentsazioak nahiko partekatuak diruditen arren, euskararen etorkizuna datuetan oinarrituta eraiki behar dela bat gatoz. Horregatik, gure herrian euskararen benetako egoera zein den ezagutu eta politika berritzaile eraginkorrak planteatzeko, 2026an kale-neurketa bat egingo dugu.
Behin irtenbide efektiboenak izan daitezkeenak proposatuta, ezinbestekoa izango da denok batera jardutea. Hau da, erakundeok, euskalgintza eta herritarrak, elkarlanean, guztiok norabide berean arraun egitea berebizikoa da.
Egunotan Durango arnasgune da eta Euskararen Egunak gure hizkuntzari sostengua emateko gogoa berpiztu diezagukeen arren, ez da nahikoa. Azoka eta egun sinbolikoez harago, urte osoan euskararentzat esparru seguru eta erosoak sendotu behar ditugu.
Esan bezala, euskararekin dugun harremana ezin da egun bateko kontua izan eta gure egunerokoan txertatu behar dugu, eta erakunde publikook horren eredu izan. Gure helburua argia da: Durango eta Durangoko Udala euskararentzat arnasgune izatea, gaur, bihar eta etorkizunean.