Batzuentzat Agirrebengoa bezala ezaguna den eraikinaren eraberritze integrala Durangoko kulturaren, hezkuntzaren eta gizarte-kohesioaren etorkizunerako apustu estrategikoa da jeltzaleontzat.
Gure herriko historiaren eta arimaren parte den eraikin enblematiko honek erabilera ugari izan ditu bere bilakaeran, eta datozen garaietan herritar ororentzat zabalik egongo den kultur etxe bizia izango da, belaunaldi guztiak batuko dituena.
Aukera berdintasunean oinarritutako kultur eskaintza zabala, irisgarria eta eskuragarria sortzen dihardugu. Horretarako, besteak beste, San Agustin arte eszenikoen plaza gisa sendotzen ari gara, Plateruena musika aterpe bihurtzen, Intxaurrondon “arte zikinentzako” espazioa garatzeko lanean eta Pinondo arte digitalaren, ikus-entzunezkoen eta sorkuntza garaikidearen erreferente bihurtu guran.
Durangoko EAJkook kultur ekipamendu bakoitzari identitate propioa ematea dugu helburu. Azpiegitura kultural guztiak osotasun baten parte izanik, gure euskal nortasunari eutsiz eta herritarrak erdigunean jarriz, Durango euskal kulturaren egoitza izateko eta izaten jarraitzea nahi dugulako.
Bidean gara.