Elkar mugituz egingo dugu. Aurrera batera!

Hamaika egun eman ditugu Euskaraldiaren edizio berrian zeharo murgilduta. Helburua argia izan da: euskararen erabilera sustatzea.

Ikurra den txapa herritar askoren paparrean jantzita egon da; Batzuk Ahobizi, beste batzuk Belarriprest; entitate askok ere izena eman dute, eta denek, arigune iraunkorrak mantendu edo berriak sortu nahian, elkarlanean ibili dira, gara. Arnasgune gehiago sortzea zen xedea, euskaraz aritzeak eragin ditzakeen lotsak gainditzea, hizkuntza-ohituretan eragitea eta urteetan sortutako inertziak haustea; azken finean, erabilera areagotzea. Izan dira, eta ez gutxi, batzordeetan antolatuta, ekimenean hartutako konpromisoak eusten laguntzen aritu diren boluntario norbanako zein elkarte. Zalantzarik gabe, xaxatzaile bikainak denak: bejondeiela! Bide horretan, udaletik beste urrats bat eman nahi dugu. 2017an egin zen azken hizkuntza-neurketa Durangon, eta iaz 2025-2028 aldirako onartutako AROA Planaren baitan, euskara jakintza eta erabilera mailaren egoera eguneratua izateko, beste neurketa bat egingo dugu. Jakin baitakigu neurtzen ez dena ezin dela hobetu.

Bakoitzak ekarpen txikia eginez aldaketa handiak lor ditzakegula sinisten dugunok asko gara. Beraz, zailtasunak zailtasun, itxaropena galdu gabe, leloak esaten duen moduan, Elkar mugituz egingo dugu. Aurrera batera!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!