Mozorropean ere, berdintasuna aldarrikatu

Aurreko igandeko txitxiburduntzi egunarekin hasten dira inauteriak Durangon. Ohikoa da familia edo lagunartean paseotxoa eman eta gero txorizoa (edo beste jakiren bat) burduntzian erre eta elkarrekin hamaiketakoa egin eta egunaz gozatzea.

Badatoz gero, eguen zuri, bariku argi, zapatu erregular, domeka, astelehen eta martitzen karnabal, eta koplek, maskarek, koloreek, musikak eta jai giroak protagonismo itzela hartzen dute gurean.

Mozorroak edonon ikusten dira. Bakarrik zein kuadrillakoekaz, eguneroko pertsonaia alde batera utzi eta beste rol batzuk antzezteko egunak dira askorentzat.

Aurten, gainera, udaberriko lehen ilargi beteak, egutegian bata bestearen jarraian jarri ditu inauteriak eta Martxoaren 8a, oinarrian, askatasunaren eta aldarrikapenaren sinboloak diren data desberdin bi.

Ezin dugu ahaztu historian zehar, emakumeak mozorrotu egin behar izan direla (garela) ezarritako rolak bete, edota arauak hautsi eta dagokigun lekua gureganatu eta aldarrikatzeko. Emakume piratak, zientzialariak, idazle, artista, kirolari, kazetari... guztiak inoiz maskara baten atzean, errealitatearen inposaketari aurre egiteko.

Mozorropean edo aurpegia emanez, egunero benetako berdintasunaren eta egiazko askatasunaren bidean jarrai dezagun!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!