Gaitza errotik kentzea guztion ardura da

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Gai honekin, GAITZ honekin, gizartea gero eta sentsibilizatuago eta kontzientziatuago dagoela azpimarratzen dute hainbat ikerketak. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egiteko nahia gero eta nabarmenagoa da eta neurri eraginkorragoak eskatzea ezinbestekoa.

Gainera, datu kezkagarri batzuek erakusten dute hiru pertsonatik batek bikotekidearen tratu txarrak pairatu dituen emakumeren bat ezagutzen duela, baita emakumeengan indarkeria eragin duen gizonen bat ere. Hortaz, indarkeria matxista gizarte osoaren arazo larria da.

Guztion ardura da jazarpen edota indarkeria mota oro pairatzen ari den edonor identifikatu, behar duen babesa eskaini eta laguntza hori modu eraginkorrean gauzatzeko eskura dauden baliabideak ezagutzea.

Indarkeria matxista errotik kentzea guztion erantzukizuna da eta indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzea guztion helburua izan behar da.

Egunotan, hainbat ekintza eta mobilizazio antolatu dira Durangon. Emakumeen aurkako indarkeria gelditzeko ekintzetan parte hartzera deitzen zaituztet. Era berean, Andragunera joatera animatzen zaituztet, biktimak artatzeko baliabideak hobeto ezagutzeko, Indarkeriaren Aurkako Unitate berria, adibidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!