Aurten ere, jai batzorde, udal teknikari, elkarte eta boluntarioen lanari esker, hamaika aukera izango dugu egitarau anitzaz disfrutatzeko.
"Hona joatea nahiko nuke", "hau ezin dugu galdu”, “bazkaldu ala café torero?", "barraketara bai, ezta?", "ta mozorroa, esan genduna?", “txapelketan parte hartuko dogu?”...
Zapia lepoan, txupinazoarekin jai giroak eztanda egiten du. Bereizten gaituenak alde batera uzten dira batzen gaituenaz gozatzeko, durangar izatearen sentimendua borbor dago eta harrotasun hori non-nahi sumatu daiteke.
Une horretan beti Eusebio Bilbaoren zortzikoa ezpainetara: “Alperrik izango da mundua zabala, herri hau izango da niretzat onena. Herri honetan jaio, bertan nahi dot bizi, herri politagorik ez dot nik ikusi. Beti izango zaitut bihotzez nik maite, Jaunak egunen baten zeruratu arte” eta horrekin bat, gure artean ez daudenak oroitu.
Jaiak emozioz bizitzera animatu nahi zaituztet, baita errespetuz eta arduraz ere.
Gora San Fausto jaiak, Gora Durango!