Eskerrik asko!

Lan ikusezinari aitortza publikoa egiteko erabiliko dut gaurko zutabe hau. Horrela izanik, nire esker ona helarazi nahi dizuet zuoi, Jon Sergio eta Mikel Ortega lankideei, gure herriarekin duzuen konpromisoagatik. Zuen lana funtsezkoa izan da Durango euskal kulturaren hiriburu eta kirol arloan erreferente bihurtzeko oinarriak ezartzen jarraitzeko orduan. Chapeau, txapela kentzeko moduko beharra egin duzue.

EAJ-PNVko zinegotzi gisa sartu zineten udalbatzan aurreko legegintzaldian. Urte hauetan Durangoko Udaleko Kultura eta Kirol arloei lotuta egon zarete, zuen ogibidea eta udalaren berezko ardurak elkar uztartuz, gogotsu eta ekinean, eta emaitza onekin. Zuen eskuzabaltasuna eta Durangori diozuen errespetua ukaezina eta mirestekoa da, eredugarria. Aurrerantzean, egungo Gobernu Taldearentzat hain estrategikoak diren arloei ezingo diezue merezi duten denbora eskaini, eta, postuari atxikirik geratu beharrean, beste pertsona batzuei lekukoa emango diezue, proiektuei jarraipen egokiena eskaini eta horiek burutu ahal izango direla ahalbidetuz. Oso euskarri onak ezarri dituzue, gogor lan egin duzue horretarako, eta orain beste batzuei dagokigu ondarearekin jarraitu, horiek hedatu eta gauzatzea. Honengatik guztiagatik eta gehiagorengatik, eskerrik asko bihotz-bihotzez. Katea ez da eten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!