Seme-alabei amaren gutuna

Kolore, kolore ta gustu guziak, denontzat, denontzat ez dira berdinak,... dioen abesti bat darabilt bueltaka. Baliteke, 1978an San Frantziskon Harrotasunaren Eguna ospatzeko sortu zen bandera eta ondorengoak askatasunez astintzen ikusteak zerikusia izatea.

Zorionez, gero eta ohikoagoa da genero identitatea, sexu orientazioa, LGBT+ akronimoak bezalako kontzeptuak entzun eta bandera koloretsuak ikustea. Jakizue pertsona eta elkarte askoren urteetako lanaren ondorioa dela hori. Konpromisoz eta ausardiaz lortutako lorpenekin gizarte inklusiboago eta errespetuzkoagoa eraiki den arren, bide luzea daukagula aurretik benetako berdintasuna lortu arte.

Agian oraindik ez dizuet esan baina, genero identitatearen esperientzia konplexua gerta dakizueke. Inguruneak, erreferentziek, bizipenek, kezkek,... eragina izango dute eta zalantzak izatea normala da. Generoa hain da subjektiboa, intimoa, zuek bakarrik jakin dezakezuela zuena zein den. Hau, beti ere, zuen burua generoren batean definitu nahi baduzue, noski!

Eta nortasun hori normatibotik haratago badoa, ez beldurrik izan. Etorri etxera. Informazioa zuen esku jarriz eta zuen sentimendu eta beharrak aintzat hartuz, baldintza gabeko maitasun osoz, kontzeptuak argitzen eta nortasuna eraikitzen laguntzen saiatuko naiz.

Izan nahi duzuena, izan zuek zaretena.

Amaitzeko, eta abestiekin mezua errazago heltzen zaizuelako, hurrengoa gehitzea besterik ez: Nahi dozuenien, nahi dozuelako, aske maite, aske bizi, bizitza zoro hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!