Gobernu Programan hau jaso genuen: Durango euskal kulturaren eta euskararen egoitza bihurtzea nahi dugu, Durangoko Azokaz haratago, kultur ekimen ezberdinak bultzatuz eta lagunduz eta, dauzkagun instalazio ezberdinak erabiliz.
Duela aste pare bat, Euskaltzaindiarekin Euskara Ibiltaria erakusketa inauguratu genuen Plateruenan. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa oinarri hartuta sortutako erakusketa interaktiboa da, zentzumen guztiak erabiltzera gonbidatzen gaituena eta euskara eta Euskal Herriaren historia oso modu berezian murgiltzeko aukera ematen diguna.
Euskararen transmisioa hizkuntza bizirik iraunarazten duen fenomeno konplexua dela ez du inork zalantzan jartzen, eta eraginkorra izateko ez da nahikoa familiaren eta eskolaren esku bakarrik uztea.
Aurreko baten idazten nuen bezala, euskara ezagutu eta maite dugunoi dagokigu trakzionatzea, guri dagokigu lidergoa, lidergoa helburu bat lortzearen alde taldean eragin positiboa bultzatu eta motibatzea dela ulertuta. Hau da, kalean euskara gehiago entzun nahi badugu, berau erabilitzeaz gain, ingurugiro atseginak sortzea dagokigu bere ezagutzara eta, batez ere, erabilerara, jendea gehiago erakarri eta mantentzeko.
Euskara Ibiltaria helburu hori lortze aldera antolatu dugun ekintzetako bat da, kalean euskara gehiago entzutearena ez baita erronka makala.