Agur eta egun haundi arte!

Aste hauetan, zutabe honetarako beste gai bat lantzen ibili naiz. Baina beste alderdikide bati, adiskide bati, agur esan beharraren berria jasotzeak hankaz gora jarri ditu nire asmo guztiak.

Duela gutxi Jose Mari agurtzen bageunden, oraingoan Andoni agurtu beharrean gaude. Zelako gogorra! Bi biak gizon zintzoak, jeltzaleak, abertzaleak, semeak, gurasoak, durangarrak. Biak baita Durangoko EAJko zinegotzi izandakoak ere.

Legegintzaldi desberdinetan gure herriko udalean zinegotzi jardunak gauzatu zituzten eta Durangori, maite dugun herri honi, beraien bizitzako urte on batzuk eskaini zizkieten.

Inolako protagonismo nahirik gabe, egokitu zitzaizkien arloetan fin ibili ziren lanean. Jose Marik Merkataritza Arloko arduradun kargua izan zuen, besteak beste, Juan Jose Ziarrustarekin, eta Andonik Kultura eta Hezkuntza sailen buru izan zen Aitziber Irigorasekin.

Lerro hauek izan daitezela Andoniri eta Jose Mariri esker oneko berba batzuk helarazteko modua.

Eskerrak eman nahi dizkizuet modu desinteresatu batean gure herriaren alde, Durangoren alde, lan egiteagatik; eskerrak eman gaur egun Durangon dugun bizi-kalitatearen erantzuleetako batzuk zaretelako ere.

Ez zait bururatzen zuok omentzeko modu hoberik zuen lekukoa hartu eta utzi diguzuen ondarearekin jarraitzea baino. Zuen egitekoa, adostasunetara heltzeko nahia, zuen irrifarra, irudimena,... zuen gogo eta nahiak eredu eta aintzat hartuz, eutsiko diogu amesten zenuten Durango eta Euskadi eraikitzeko erronkari.

Egun haundi arte. Goian beude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!