Biolentzia hori modu askotan ematen da. Fisikoa edo emozionala izan daiteke, zuzenean edo zeharka eragindakoa, ezkutukoa, banakakoa, taldekakoa eta helburu jakinarekin: biktimek euren borondatez onartzen ez duten ezer eskuratzeko edo beste barik hauei min emateko.
Erregistro ofizialek arazoaren lagin txiki bat adierazten dute. Beste faktore askoren artean, indarkeria mota jakin batzuk identifikatzeko zailtasunak daude eta, ondorioz, eraso guztiak ez dira azaleratzen.
Etengabeko erronka da, eta guztiz beharrezkoa ere, biolentzia matxista guztiei aurre egiteko horiei izena jartzea. Indarkeria matxista identifikatuz eta horren inguruko kontzientzia hartuz, lortu genezake biolentzia hori jasan izan duten biktimei erantzun egokia emateko baliabide aproposak eta kalitatezkoak bideratzea, eta pairatutakoaren ondorioak nolabait erreparatzea.
Gainera, bortizkeria izendatu eta identifikatzeak, babes eta prebentzio neurriak indartzen jarraitzeko beharra azaleratzen laguntzen du, eta gizarte-gaitz hau desagerrarazteko kontzientzia handiagoa sustatzea ere ahalbidetu dezake.
Indarkeria matxisten kontzientziazioan, sentsibilizazioan eta detekzioan lan egiten jarraitzea ezinbestekoa da.
Euskal esaera batek dioenez, “izena badu, bada”. Beraz, izena duenean delako, eta denean bakarrik errotik ezabatzeko lanketak egin daitezkeelako, jar diezaiogun izena indarkeria matxista mota orori.