Nire ama-hizkuntza defendatuko dut

Gabriel Arestik zioen “Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea”.

Euskararen normalizazioa zalantzan jartzen duten epaien hazkundea kezkagarria da. Biziberritze prozesuan eraikitako adostasun zabalaren kontrakoak dira eta epaia ematen dutenen arabera, euskara lehenesten omen da gaztelania baztertuz.

Euskara hizkuntza gutxitua da, historiako uneren batean bazterketa, jazarpena eta debekua jasandakoa, eta hizkuntza-normalizazioaren helburua gutxituari ukatutako funtzioak berreskuratzea eta bermatzea da.

Hala eta guztiz ere, euskara eta gaztelania biak ofizialak izan arren, oso urrun daude berdintasun egoera baten egotetik eta hizkuntza eskubideak egiazki errespetatuko direla ziurtatu beharra dago, dugu. Kontuan izan, gainera, gehienok bizitzako esparru guztietan euskaraz ere jardutea nahi dugula.

Euskara ezagutu eta maite dugunoi lan gogorrena egitea dagokigu, trakzionatzea: euskara ezagutzearen onurak aldarrikatuz, guretzat suposatzen duena ikusaraziz, sentiarazten digunaz hitz eginez, lotsatienak praktikara animatuz, ezagutzen ez duena ikastera eta erabiltzen ez duena erabiltzera erakarriz,...

Euskara gaitzetsi eta gutxiesten duzuenok lan bakarra daukazue egiteko: ez ezazue ezer egin, ezta normalizazio bidean dagoena oztopatu ere.

“Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik.” Nire ama-hizkuntzak iraungo du zutik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!