SMS baten zain

Lerro hauek idazten hasi naizenean, sms baten zain nago.

Andraguneak ikasturte berrirako prestatutako ikastaro eta ekintzen artean, iada, nire aurtengo aukeraketa egin eta eskaria bota dut. Horietako baten bat egokitzen bazait, sms bat helduko zait.

Duela urte batzuk hasi nintzen Andraguneko ikastaroetan parte hartzen eta, aukera izan dudan bakoitzean, horren onurak aldarrikatzen saiatzen naiz. Astekari honek 1.500 karaktere eskaini dizkit eta ez nuke honetarako aukera alferrik galdu nahi. Andraguneak eta Berdintasun Sailak eskaintzen dituzten ikastaroak eta ekintzak liburuxkan irakur ditzakegun edukiez haratago doaz. Ikastaroek interes, kezka, ilusio, amets, beldur,… berdintsuak partekatzen dituzten emakume desberdinak batzeko aukera ematen dute.

Parte hartzaileak auzo desberdinetako neska gazte eta emakume eta ez hain gazte dira; bakoitzak bere okupazioa dauka; bakoitzak bere egunerokoa bizi du; bere erronkak ditu eta beste gauza askoren artean, gainera, karga mental propioa du, bakoitzak berea (eta sarritan, hurkoarena ere bai).

Bitxia da. Parte hartzaileak elkarrengandik antipodetan egon daitezkeela dirudien arren, komunitatea egiten da. Aurreiritziak eta doako epaiketak alde batera aparkatuta utzita, errespetuzko erlazioak sortzen dira eta batzen dituena urruntzen dituena baino sendoagoa denez, elkarbizitza osasuntsu bat sortzen da. Nire uste apalean, Andraguneko hormetatik haratago hedatu beharko genukeen beharrezko elkarkidetza sortzen da.

Ea asteburuan sms hori heltzen zaidan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!