Birus zakarrak

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bustindui 2017ko aza. 10a, 08:30

Konstituzioko artikuluak pil-pilean daude azkenaldian, batzuk betetzen ez diren arren. Ez naiz ari 155. artikuluaz, 35.az baizik. Honen arabera hiritar guztiak lan egitera behartuak daude, eta lan aukera, profesio eta bizibide aukeramen libre baterako eskubidea ere badaukate.

Gazteok gehien kezkatzen gaituen gaien artean kokatu behar dugu enplegua, nahiz eta azken urteetan arlo politikoa beste guztiari gailendu zaion gaia bihurtu den arren. Azken Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuen arabera, aurtengo bigarren hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia tasa %15,6koa da. 16 urtetik gorako pertsonak hartuta %11koa da datua, gazteengan gehiago eraginez.

Unibertsitateko gradua bukatu ondoren, bide ezberdinak hartzen dira. Gehiengoak master ikasketekin jarraitzen duen arren batzuek lan mundura egin dute salto. Dena dela, fakultateko gelakideekin biltzen naizenean kazetaritza arloan bizi izan ditugun lan esperientziak partekatzen ditugu. Gazteenganako presioak, soldata oso baxuak —lankideenekin alderatuta arruntak dira—, baina badira ere kazetaritzarekiko ilusioa eten dieten horiek. Birus zakarrak dira, eta hauen sintomen artean mespretxuak, beste lagun bat postu berean ekiteko egiten diren kaleratzeak eta pertsonak merkatal objektu gisa erabiltzea daude. Zorionez, ofizio konplexu honekin jarraitzeko animatzen duten lantaldeak ere badaude, lerro hauek idaztea ahalbidetzen didana esaterako. Sekula ahaztuko ez dudan lehen erredakzio hura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!