Lur azpiko esporetatik udazken loreak hazten diren bezala, Katalunian ere loraldi berri bat bizitzen ari dira. Estatu osoko politika astindu du gaiak, erreferendumaren zilegitasuna kolokan jarri baitu Espainiar estatuak. Demokraziaren mugak nork zapaldu dituen eztabaidan eman dute hilabete osoa. Independentziari baietz esango diotenak eta erreferenduma legearen kontrakoa dela dioten bi blokeak ageri dira, biak elkarren aurka. Hauen bien artean kokatzen diren bestelako postura guztiei ez zaie hitzik eman, tamalez. Eta kataluniar ugari kokatu behar ditugu hemen.
Bai ala ez. A ala B. Ezker ala eskuin. Pragmatismoa ala idealismoa. Menotti ala Bilardo. Txuria ala Beltza. Bizitzan, kontrajarrita dauden bi aukera eskaintzen dizkigute. Askotan mutur bat edo bestea hautatzera eta beste guztiaren aurka egitera bultzatzen gaituzte eta grisak baztertzen ditugu. Etzi Kataluniak 80 urteetan debekatu zaion erabakitzeko eskubidea izango du. Emaitza baiezkora edo ezezkora murriztu dute. Ez dago beste aukerarik galdeketan. Agian txuriaren eta beltzaren artean gris tonalitate batzuen falta sumatuko dute. Etorkizunak adieraziko du hori.