Istorioan artzain zirikatzaile bat da protagonista. Egunak gogaituta eman ostean, arratsalde batean bere artaldearekin mendi gailurrera igo eta “otsoa dator, otsoa dator!” garrasika hasi zen. Herri osoa, beldurturik, laguntzeko nahian mendi gailurrera igo, eta bertan otsorik ez zela ohartu ziren, artzaina barre algaraka zebilen bitartean. Hurrengo astean txantxa bera egin zuen. Egun gutxitara, artzaina mendian zebilela, benetan agertu zen otsoa, ardiak jateko asmoz. Herritarrei garrasi egin zien arren, jendea iruzurrez asperturik zegoen eta ez zen inor laguntzera igo.
Gure Esku Dago ekimenarekin antzeko fenomeno bat gertatu da. Urteetan Euskal Herriko jendea mobilizatzen saiatu dira, herritarren partaidetza eskatzen zuten giza kateekin, eta San Mames eta Anoeta betetzeko saiakerekin. Asteburuan Hernani, Tolosaldea, Oarsoaldea, Astigarraga eta Larrabetzun erabakitze eskubidearen alde bozkatzera deitutako pertsonen %24.85ek baino ez zuen bozkatu. Oso zifra ahula kontuan izanda lagin modura hartutako herriak plataformak berak hautatu zituela. Tamalez, herritarrak aspertu egin dira euskal nortasunaren erakusketa hori egin behar izateaz, bestela ezin daiteke ulertu Gure Esku Dago ekimenari jendeak emandako arbuioa. Zeozer aldatu beharra dago.