Kasu honetan, baina, EITBko programa bat goraipatu nahi nuke, astearteetan ematen den Ur Handitan saioa. Minbizia gainditu zuten bi emakumeren istorioa, trans haurren testigantzak edo Altsasuko gertaerei buruzko erreportajea. Xabier Madariagak zuzendutako saioak naturaltasun osoz jorratzen ditu korapilatsuak diren gaiak. Eta euskaraz. Gai sakonak, goxo tratatuak eta euskara normaltasunean erabilita. Ekuazioak sinplea dirudien arren, gutxi batzuek betetzen dute erregela hau. Euskaraz kalitatezko edukia egitea posible dela erakutsi digute. Lerro hauetatik Ur Handitan saioko taldea osatzen duten guztiak zoriondu nahi ditut, bide beretik jarraitu dezaten.
Tamalez, saio honen ordez, azken aste hauetan EITB taldeko beste bideo bat egon izan da guztion ahotan. El Conquistador saioko ertzain baten aurkezpen bideoak 35.000 erreprodukzio baino gehiago izan zituen 24 orduan, eta sare sozialen bitartez izugarrizko zabalpena izan zuen. Haur transexualei buruzko Ur Handitan saioak izan zituen batez besteko 27.000 ikusleak baino gehiago. Gure telebista publikoari kalitatezko eduki gehiago eskatu behar diogu. Baina gure baitan dago ere kalitatezko programen edukiak partekatu eta sustatzea. Programa batzuek gure babesa merezi dute. Sustatu ditzagun proiektu hauek.