Teknologiak aurrerapauso nabarmenak ematen jarraitzen du, eta gizartea erritmo berean eraldatzen doa. 80ko eta 90eko hamarkadetan jaiotako umeak ordenagailuarekin hezi ziren modura, gaur egungo haurrak taktilarekin ari dira hazten. 2006. urtean gazteen %65ek baino ez omen zeukan mugikorra, gaur egun baino 13.7 puntu gutxiago.
Mundua ikusteko eta eragiteko tresna berriek gailu berriekiko dependentzia sorrarazi digute. Sinestezina dirudi sare sozialik gabeko gizarte bat irudikatzea. Duela gutxira arte gazteok besteekin kontaktatzeko haien etxeetara joaten ginen, eta tinbrea jotzen genien. Gaur egun momentuko mezularitza zerbitzuek asko aurreztu digute komunikazioa, eta edonondik dei egin edo idatz genezake.
Oraingo gaztetxoek, gure modura, sare sozialen bitarteko komunikazioa erabiltzen dute lagunekin hitz egiteko. Beraz, ez da arraroa smartphone baten dependentzia izatea. Gauza askotarako oso sistema probetxugarria den arren, bereziki gazteen adin horietan ezin daiteke ahaztu errealitate birtual horretaz aparte aurrez-aurreko mundua dagoela. Atzamar batekin pantaila bat limurtzea ondo dago, baina komunikazioaren esentzia galdu egin da, hitzak baino garrantzitsuagoak baitira askotan giza espresioak.