Beldurrak uxatuz

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bustindui 2016ko ira. 30a, 08:30

Beste aste batez, eraso sexista bat jasan dugu Durangaldean, azken boladan gertatzen den enegarrena. Durango Rugby Taldeak AS Bayonne talde lapurtarra gonbidatu zuen lagun arteko lehia bat jokatzeko, eta gauean, Iparraldeko jokalariek iskanbila sortu zuten Goienkalen.

DRT-ko tabernan zegoen neska talde batek irain fisiko eta psikologikoak jasan zituen Baionako jokalarien partetik. Nesken salaketaren ostean, Durangoko taldeak lapurtarrekin harremana etetea eta gertatutakoa salatzea adostu zuen. Baionak, ostera, bere jokalariak defendatzeko erabaki nazkagarria hartu zuen, erasoaren fidagarritasuna zalantzan jarriz.

Tamalez, Erdi Aroan jarraitzen dute askok. Erasoen aurkako protokoloak edo berdintasuna bultzatzeko ekintzak oso urriak baitira. Erasoak, zoritxarrez, oraindik ere edonon gertatzen dira; ezberdintasun bakarra da, hemen, emakumeak salatzeko beldurra galduz doazela. Beharbada, beste leku batzuetan, erasotzaileak babesten jarraitzen duten bitartean, emakumeek beldurra izaten jarraituko dute. Hori uxatu beharra dago, eta salaketa da bidea.

Idazteko bi arau baino ez zirela behar zioen Oscar Wildek: idazteko zeozer izatea, eta esatea. Eraso sexistekin ere berdina gertatzen da. Erasoa gertatzen denean, esateko pausoa ematea funtsezkoa da. Beldurra alde batera utzi, eta erasoak salatu beharko lirateke. Hauxe da bidea. Ez dituzte isilduko, eta kasu batzuetan gertatzen ez den bezala, erasotzaileak ez du babesik izango. Ez daude bakarrik! 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!