Hasteko, magisteritza eta bestelako graduak ezberdindu behar ditugu. Magisteritzakoa Espainiako unibertsitate ia guztietan eskaintzen den gradua da. Beraz, beste erkidego batetik EAEra datorren ikasleak bere erkidegokoan sartzeko notara heldu ez delako etorri da kasu gehienetan. Ezberdinak dira EHUn soilik aurkitzen diren graduak, energia berriztagarrien ingeniaritzako gradua esaterako, gaztelerako ikasleek ez baitituzte euskarazko edukirik ematen magisteritzan bezala. Hemen jaio eta euskara ikasi ez duena dioenak ostera arazo larria dauka. Gaztelera bezala, euskara hizkuntz ofiziala da, eta euskaldun zaharrok gaztelania indarrean ikasi dugun modura, A ereduan ibili diren ikasleek euskara apur bat ikasi dute. Magisteritzan euskarazko asignatura minimo batzuk alferkeriagatik betetzeko gai ez den ikasleari bejon deiola. Larritzekoa da, hauek izango baitira hurrengo belaunaldien irakasle izango direnak.
Gainera, EHUko gradu gehienetan gaztelerako talde eskaintza zabalagoa denez, euskarazko ikasleek soberan geratzen diren ordutegiekin konformatu beharra daukate, askotan klaseak goiz eta arratsaldeetan izanez. Garraio publikoaren menpe bizi diren askok ordutegiz aldatu eta gaztelaniako taldeetara ihes egin behar dute. Beste alde batetik, osasungintza arloko graduetako euskarazko taldeetan arazo larri bat dago, asignaturen ehuneko handi bat derrigorrean gazteleraz eman behar dutelako. Euskaraz matrikulatu eta graduaren osotasuna euskaraz ez ematea ez da gauza makala. Beste batzuek ordea oraindik baztertutako gutxiengo bat direla esaten jarraitzeko gainera.
Uste handiko iritzi heldu horiek ohartu behar dira ez dutela hemengo inor engainatuko. Horregatik, beraiek badakite nori helarazi mezua, euskara kanpotik zapaldu nahi diguten horiei jakina. Nik ostera lerro hauek euskaraz emango ditut, seguru nagoelako badakitela euskaraz erabili nahi ez duten arren. Gure hizkuntzak urte latzak igaro dituen arren etorkizuna dugu idaztear, eta noski, euskaraz.